Bizkaiko Lurralde Historikoko Lehiakortasunaren Diagnostikoa 2021Bizkaiko Lehiakortasunaren Behatokia

  1. Edurne Magro
  2. Mikel Navarro
  3. Raquel Vázquez Salazar
  4. Francisco Carrillo Carrillo

Editorial: Orkestra-Instituto Vasco de Competitividad ; Diputación Foral de Bizkaia = Bizkaiako Foru Aldundia

ISBN: 978-84-1325-159-2

Año de publicación: 2022

Tipo: Libro

Resumen

Azken hamarkadetan agerian gelditu da, bai geografia ekonomikoari dagokion literaturan eta bai lehiakortasun politikak praktikara eramaterakoan, lurralde bakoitzak lehiakortasunean lortzen dituen emaitzak: (i) desberdinak direla, termino erlatiboetan eta antzeko beste lurralde batzuekin alderatuta; eta (ii) emaitza horiek lurralde inguruneak baldintzatzen dituela, baita lurraldean, lurralde politika eta estrategien bidez (publiko zein pribatuak) eragiten duten beste zenbait palankak ere. Ildo horretatik, garrantzitsua da Bizkaiko Lurralde Historikorako erregioaz azpiko lehiakortasun txosten bat egitea, lurralde horretako egiturazko ingurunea EAEko beste lurralde errealitateekiko bestelakoa delako eta, gainera, ekonomia sustatzeko politiken esparruan eskumen eta gaitasunak badituelako, lehiakortasunarekin estuki lotuak. Lurralde baten gaur egungo lehiakortasuna ez da azken xedetzat hartu behar, baizik eta epe ertain eta luzeko lehiakortasuna eraikitzeko bitartekoa izan behar du, lehiakortasun horren bidez, pertsonen ongizatea areagotzeko. Horregatik, txosten honetan pertsonen ongizateari lotutako lehiakortasun esparrua erabiliko dugu eta, horretan oinarrituta, Bizkaiko lehiakortasunaren eta ongizatearen diagnostikoa egingo dugu, hainbat dimentsioz baliatuta. Hala, Bizkaiko egiturazko ingurunea aztertuko dugu eta ongizatea helburu izango duen lehiakortasuna sendotzeko aukera gehien emango dizkiguten palankak dinamikoetan sakonduko dugu. Azterketa horren emaitza Bizkaiko ongizatea helburu duen lehiakortasunaren erradiografia da: • Egiturazko ingurunea: Bizkaiak gizarte eta demografia erronkak ditu (batez ere, immigrazioari eta biztanleriaren zahartzeari lotutakoak); eta, ekonomia eta enpresa egiturari dagokionez, nagusiki zerbitzuen sektorera bideratuta dago (batez ere, zerbitzu aurreratuetara), alderatzeko erabili ditugun gainerako lurraldeetan baino gehiago, enpresen tamaina txikiagoa da eta apustu estrategikoa egin du espezializazio teknologikoa garatu duen esparruetan. • Ongizatearen dimentsioak: Bizkaiak indarguneak ditu ongizatearen dimentsio batzuetan, horien artean, bizitza materiala (errenta erabilgarriarekin lotutako aldagaia) eta hezkuntza (bereziki, etengabeko prestakuntzari lotuta). Baina erronka handiak ditu bai enpleguan eta bai ingurumenaren jasangarritasunean, esate baterako, CO2 isuriei dagokienez, funtsezkoak ekonomia deskarbonizatzea lortzeko. Erronka hori bera dute alderatzeko hautatu ditugun gainerako herrialdeek ere. • Ekonomia eta enpresa emaitzak: Bizkaiak garapen ekonomiko handia du, besteak beste, biztanleko BPGren azterketak erakusten digun bezala. Era berean, Bizkaiko lehiakortasunaren inguruko azterketako ekonomia eta enpresa emaitzek erakusten digute 2020ko krisiaren aurretik indarguneak zituela produktibitatean (nagusiki, zerbitzuen sektoreari esker) eta unitateko lan kostuetan. Enpresa osasuntsuak zituen, errentagarritasun ratio onekoak. Azpimarratzekoa da, halaber, produktibitatea beste lurraldeetan baino gutxiago jaitsi zela 2020an; hortaz, Bizkaiak COVIDaren ondorengo susperraldiari ekiteko abiapuntu ona du. Horretarako, berrikuntzan sendo dago eta ezaugarri horiek lagunduko diote aurrerapausoak ematen, Bizkaiak jauzi kualitatiboa egin baitu esparru horretan, bai enpresa txiki eta ertain berritzaileen ehunekoari begiratuta eta bai produktu berrikuntzak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainen ehunekoari begiratuta. Ekintzailetzako datuak ere onak dira, azken urteetan politika aktiboen bidez indartu nahi izan da esparru hori. Baina kokapen hori ez da nazioartekotzea islatzen. Hain zuzen ere, Bizkaiak esparru horri sendotu beharko luke, enpresa esportatzaileen kopurua eta enpresa horiek esportatzen duten ondasunen bolumena handitzeko, baita modu erregularrean esportatzen duten enpresen kopurua areagotzeko ere. • Lehiakortasunaren palanka dinamikoak: Lurraldeak lehiakortasun ekonomikoan duen kokapen ona palanka jakin batzuen gainean eraiki da. Palanka horien artean nabarmentzekoak dira Bizkaiak finantzaketan duen indargunea eta atzerriko kapitala erakartzeko nolabaiteko gaitasuna, azpiegitura fisikoetan egiten diren inbertsioak, patenteen errendimendua, gazteen hezkuntza —horrexek baldintzatuko du etorkizuneko lehiakortasuna—, eta erakundeak eta gizarte kapitala. Palanka horien guztien gainean eraikiko da ongizatea helburu izango duen epe ertain eta luzeko lehiakortasuna. Erronka nagusia da energia berriztagarrien kuota hobetzea eta natur baliabideetan intentsiboak diren sektoreekiko mendekotasuna murrizteko bidean jarraitzea, energia eta klima trantsizioan aurrerapausoak eman ahal izateko. Azken batean, ongizatea helburu izango duen lehiakortasunaren diagnostiko honek erakusten digu Bizkaia gaur egun egoera onean dagoela, askotariko eragileek aurrera eraman dituzten lurralde estrategiei esker. Epe ertain eta luzera pertsonen ongizate handiagoa ekarriko duen lehiakortasun hori eraikitzen jarraitzeko, Bizkaiak lehiakortasunaren palanka dinamikoak indartu ditzake, horien artean, berrikuntza eta ekintzailetza edo jakintzari lotutakoak, esparru horietan Bizkaiak indarguneak baititu. Lurralde estrategiak hobetzeko tarte handiena duten arloak indartzea ere izan behar du helburu, adibidez, enpresen nazioartekotzea. Azkenik, energia eta klima trantsizioak eta gizarte eta demografia trantsizioak globalak badira ere, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta egin beharko zaie aurre. Ildo horretatik, Bizkaiak kontuan hartu beharko du bere ingurunea eta kokapena bi esparru horietan, dimentsio demografikoa eta berdea ongizatea helburu duen lehiakortasunerako estrategian txertatzerakoan. Azkenik, Bizkaia lurralde homogeneoa ez denez eta eskualdeetako bakoitzak bere ingurune berezia duenez, garrantzitsua da maila askotako lurralde eragileekin batera, estrategia partekatua sendotzen jarraitzea.