Mikroplastikoen inpaktua, hedapena eta mikroorganismoen bidezko biodegradazioa ozeanoetan.
ISSN: 0214-9001
Año de publicación: 2020
Título del ejemplar: Itsas Zientziak.
Número: 1
Páginas: 253-274
Tipo: Artículo
Otras publicaciones en: Ekaia: Euskal Herriko Unibertsitateko zientzi eta teknologi aldizkaria
Resumen
Mikroplastiko sintetikoak (≤ 5 mm) gero eta kantitate handiagoan aurkitzen diren ingurumen-kutsatzaileak dira, mundu osoko estuarioetan eta itsas sistemetan metatzen direnak ezin direlako era errazean degradatu. Mikroplastikoen ugaritasunak, tamaina txikiak eta dentsitate baxuak korronte ozeanikoen bidez sakabanatzen eta garraiatzen laguntzen diete. Kutsatzaile horiek erabilera handiko produktuen isurketaren bidez hel daitezke ur-sistemetara, edota ingurumen-baldintza aldakorren pean (izozte-desizoztea, erradiazio ultramorea, ur-korronteak, eta abar) deskonposatzen diren hondar plastiko handiagoetatik sor daitezke itsasoan bertan. Plastiko horien mundumailako urteroko fabrikazioa asko handitu da azken hamarkadan, eta konponbide bat laster ez bada eskaintzen, itsasoko mikroplastikoen metaketak eta hedapenak handiagotzen jarraituko du, horrek dakartzan ondorio ekologikoekin eta toxikologikoekin. Alde batetik, mikroplastikoak mikroorganismoen kolonizaziorako aproposak diren gainazalak dira, komunitate naturalen aktibitatean eta konposizioan aldaketak sustatzen dituztenak, eta, ondorioz, ziklo biogeokimikoetan aldaketak ere eragiten dituztenak. Beste alde batetik, mikroplastikoak eta adsorbituta daramaten kutsatzaile kimikoak zein metal astunak ingeritzeko potentzial altua dute itsas animaliek, haien ehunetan eta organoetan metatzen baitira, eta harrezkero, sare trofikoetan zehar transferitu eta biohanditu. Gainera, mikroplastikoek patogenoen, biotoxinen eta antibiotikoekiko erresistenteak diren geneen sakabanaketan parte hartzen dute, eta osasun publikoan eragin zuzena izan dezakete. Naturan badaude entzimen bidez mikroplastikoak guztiz edo partzialki degradatzeko eta energia-iturri moduan erabiltzeko gai diren mikroorganismoak. Beraz, mikroplastikoak degrada ditzaketen mikroorganismoak identifikatzea etorkizun handiko estrategia da biodegradazio naturala errazteko eta ekosistema naturalen garbiketan laguntzeko, ingurumenaren aurkako inpakturik eragin gabe.