Burdinaren bidezko itsasoaren fertilizazioa klima-aldaketaren aurkako tresna interesgarria ote?

  1. Azua Perez, Iñigo
Revista:
Ekaia: Euskal Herriko Unibertsitateko zientzi eta teknologi aldizkaria

ISSN: 0214-9001

Año de publicación: 2012

Número: 1

Páginas: 119-150

Tipo: Artículo

Otras publicaciones en: Ekaia: Euskal Herriko Unibertsitateko zientzi eta teknologi aldizkaria

Resumen

Berotegi efektuko gasak, batez ere CO2, atmosferan metatzerakoan mundu mailako beroketa gertatzen da. Erregai fosilen erreketatik askaturiko CO2 erdiak gutxi gorabehera atmosferan irauten du. Baina beste erdia lur-isurbideak eta batez ere ozeanoek xurgatzen dute. Itsasoan CO2-ren ziklo biogeokimikoa gertatzen da eta CO2 bahitu eta itsas hondoraino garraiatzen da edota CO2 askatzen da (itsas komunitateen arnasketaprozesuen bidez). Bi prozesu hauen arteko balantze netoa positiboa denez, itsasoa planetako karbonoaren erreserbagai handiena dugu. Karbonoaren garraioa ponpa fisikoak eta biologikoak egiten dute gainazaletik itsas hondoraino. Itsas hondoko CO2-ren emendioaren bi heren, fitoplanktonak, zooplanktonak, prokariotoek (bakterioek eta arkeoek) eta birusek osatzen duten ponpa biologikoari dagozkio. Fitoplanktona disolbaturiko elikagaiez eta karbono dioxidoz elikatzen da, eta CO2 materia organiko bihurtzen da fotosintesiaren bidez. Ekoizpen primario hau itsasoko zona fotikoan (lehenengo 100 metroetan) gertatzen da. Zooplanktonak eta prokariotoek bermineralizatzen dute fitoplanktonak askaturiko materia organiko gehiena baina gainontzekoa itsas hondorantz eraman eta han bahitzen da. Gainazaleko nitrato eta fosfatoen kontzentrazioak oso baxuak dira itsaso gehienetan, eta beraz, ponpa biologikoaren indarra elikagai hauen eskuragarritasunaren menpe dago. Baina, HNLC (High Nutrient Low Chlorophyll) zonaldeetan fitoplanktonaren hazkuntza ez dago elikagai hauen menpe, kontzentrazio handietan egon arren fitoplanktonaren hazkuntza txikia delako. John Martinek 1988an burdinaren hipotesia plazaratu zuenetik («Give me a half tank of iron and I will give you an ice age»), burdinaren bidezko 12 fertilizazio saio egin dira Ozeano Antartikoko, Ozeano Artikoko edo Ozeano Bare ekuatorialeko HNLC zonaldeetan. Eskala txikiko eta epe motzeko saioak izan dira, non burdinaren fertilizazioa egin eta sulfato ferrikoaren kontzentrazio txikiak gehitzen diren. Saio hauek agerian utzi dute HNLC zonaldeetako burdinaren eskasiak mugatu egiten duela fitoplanktonaren hazkuntza. Hori egiaztatuta zenetik, kontuan hartu da itsasoaren ponpa biologikoak atmosferako CO2-ren kontzentrazioa erregula dezakeela eta mundu mailako berotzea murrizteko geoingeniaritza moduan proposatu da burdinaren bidezko itsasoaren fertilizazioa. Baina emaitzak oso aldakorrak izan dira eta informazio gehiago behar da CO2-ren bahiketan burdinaren gehiketak izan dezakeen eraginkortasuna egiaztatzeko. Izan ere, aldakortasun biologikoak, geografikoak eta ozeanografikoak eragin handia dute. Eskala txikiko saioen bidez ezin da zehaztu zer gertatuko den fertilizazio osteko hamarkadetan edo areago, zer gertatuko den fertilizazio osteko mendean, Ozeano Antartiko osoa fertilizatzen badugu. Eredu ekologiko gehienek estimatzen dute burdinaren bidezko fertilizazioari esker urtero Gt karbono bat bahi daitekeela atmosferatik, baina oraingoz ez da guztiz ezagutzen zein izan daitekeen eragina hainbat kontutan: besteak beste zonalde hauetako eta elikagien azaleratze-lekuetako plankton komunitateen egituran, CO2 xurgatzeko gaitasunean, klimatologian, zonalde anoxikoen sorreran, biogasaren ekoizpenean edota azidifikazioan.