Ipar euskal herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak. Gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta ligitimazio prozesuak

  1. ARTETXE SARASOLA, MIREN
Supervised by:
  1. Jone Miren Hernández García Director
  2. Josu Amezaga Albizu Director

Defence university: Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea

Fecha de defensa: 28 January 2020

Committee:
  1. Estibaliz Amorrortu Chair
  2. Iñaki Martínez de Luna Pérez de Arriba Secretary
  3. Jacqueline Urla Committee member

Type: Thesis

Teseo: 151748 DIALNET lock_openADDI editor

Abstract

Doktorego-tesi honetan Ipar Euskal herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak dira ardatz. Gazte hauen hizkuntza eta gazte identitateen eraikuntza zein legitimazio prozesuak aztertu dira ikuspegi etnografiko batetik, nagusiki elkarrizketa eta behaketa bitartez.Ipar Euskal herriko egoera soziolinguistikoari eta bertso-mugimenduaren bilakaeraren erradiografia bat egin ondoren, bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak aztertu dira, fokua jarriz, bereziki, hizkuntza mudantzetan, hots, hizkuntza ohituren aldaketa uneetan, edo eta bizitza-aldaketa uneetan gertatutako hizkuntza ohituren mantentzean. Gazteen diskurtsoetan ageri denez, hizkuntza mudantzak, gazte identitatearen eraikuntza prozesuarekin harremanean daude, hizkuntza praktiken aldaketak gazte identitatearen garapena eraikitzeko zein bistaratzeko estrategia gisa ulertuta.Bertso-eskolako jarduera komunitatean, hain zuzen, gazteok bertsotan trebatzeaz gain elkarrekiko konfiantza giro bat sortzen dute, lotsari aurre egiten diote, besteen aurrean hitza hartu, iritzia eman, eztabaidatu eta elkarrekin gogoetatzen dute. Eta hain zuzen ere, elementuok haien gazte-identitatearen eraikuntzarako elementu gisa ulertzen dituzte. Eta talde identitatea eta norbanako identitatea elkarrekiko eraginean eraikitzen diren bezala, hizkuntza identitatea bestelako identitateekin koeraikitzen da. Hala, gazteontzat bertso-eskolako jarduera komunitatea haien gazte identitateak euskaraz garatzeko eta euskal hiztun identitateak gazte kulturaren baitan garatzeko gune bat da.Azken atalean, bereziki begiratu nahi izan diet bertso-eskolako hiztun berrien ibilbideei. Hizkuntza erabilerarako legitimitatea sentitzea aldagai garrantzitsua izanik eta hiztunen legitimitatea espazio eta denbora jakin batean negoziatzen den heinean, bertso-munduko bi hiztun berriren legitimazio prozesuetan sakondu nahi izan dut. Hala, ondorioztatu dut bertso-munduan sozializatzea hiztun berrien legitimaziorako akuilu izan daitekeela, baina baita traba ere: izan ere, bertsolari kanonikoa, lehenik eta behin, hiztun legitimoa da, hots, gaur egungo ideologia nagusien arabera, hiztun zaharra.