Udaberri arabiarra aztergaiEspainiar gatazka kazetarien profilaren eta lan zein segurtasun baldintzen inguruko analisia

  1. UNDA ENDEMAÑO, ANNETTE
Dirixida por:
  1. Leire Iturregui Mardaras Director

Universidade de defensa: Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea

Fecha de defensa: 27 de decembro de 2023

Tipo: Tese

Teseo: 834994 DIALNET lock_openADDI editor

Resumo

Ikerketa honen helburu nagusia Udaberri Arabiarraren suspertzea espainiar hedabide nagusientzat jarraitu zuten kazetarien profila eta lan zein segurtasun baldintzak aztertzea da. Hemendik abiatuta, gatazka kazetaritzari buruz ikertu duten akademiko desberdinek egungo egoeraren inguruko perspektibak jaso eta etorkizunera begira egoeraren aurreikuspen bat egiteaz gain, gaiaren inguruko eztabaida sortzea izan da helburu nagusietako bat. Lana burutzeko, teknika kuantitatibo eta kualitatiboak erabili dira, nahiz eta azken hauek nagusitu diren. Hasteko, Udaberri Arabiarraren suspertzearen jarraipena (2011-2012) espainiar hedabide nagusientzat (El País, La Vanguardia, El Mundo eta RTVE) egin zuten kazetarien errolda bat egin da, unibertsoa ezagutzeko helburuarekin. Behin errolda definitiboa izanda, 33 sakoneko elkarrizketa egin dira, Ekialde Hurbileko gatazka hauen jarraipena egin zuten kazetariei zein momentu hartan hedabideetako nazioarteko saileko buru izandako profesionalei. Horretaz gain, elkarrizketetako emaitzetatik abiatuta, gatazka kazetaritzaren inguruan lan egin duten akademiko ezberdinek ofizioaren egoeraren inguruan duten iritzi eta aurreikuspenak bildu dira Delphi metodologiaren bidez, egungo ofizioaren egoeraren inguruko hausnarketa bat bultzatzeko asmoz. Emaitza nagusien artean, hasteko, kazetarien gehiengoaren komunikazio arloko unibertsitate formakuntza akademikoa, emakumeen presentzia nabaria eta gerra korrespontsalaren terminoarekiko identifikazio eza nabarmentzen dira. Bestalde, espainiar hedabideetan gatazka kazetari freelancen presentzia nabarmena identifikatu da, lan baldintzen eboluzio negatiboaren adierazle garrantzitsuenetako bat izanik: espainiar hedabideetan azken hamarkadan soldatak zein gatazka informazio piezengatik ordaintzen dituzten tarifak izoztu edo jeitsi egin dira. Azkenik, segurtasunari dagokionez, emakume kazetarien egoera gordina antzeman da, elkarrizketatutako emakume ia guztiek erasoak jasan izan baitituzte gatazka guneetan lanean ari ziren bitartean. Honen aurrean, espainiar hedabideek kasu gehienetan ez dizkiete beraien kazetariei segurtasun arloko formakuntzarik, babes pertsonalerako ekiporik ezta babes psikologikorik eskaintzen beraien plantillako kazetariei eta are gutxiago, freelance kazetariei, gaia kazetarien ardura eta erantzukizunpean utziz. Hortaz, egoera honen aurrean adituek erakunde ezberdinen arteko kolaborazioan fokua jarrita, Nazioarteko erakundeen esku-hartzea, Nazio Batuen inplikazioa, hedabideen eragin ahalmena eta unibertsitatearen papera ezinbestekotzat hartzen dituzte elkarlanean gatazka kazetariei lan baldintza eta segurtasun baldintza egokiak bermatzeko.