Koldo Mitxelenaren euskara noranahikotzeaaitzindariak, hiztegia eta hizkuntzalaritzako hitz berezituen azterketa
- Patxi Altuna Directeur/trice
Université de défendre: Universidad de Deusto
Fecha de defensa: 27 avril 1994
Type: Thèses
Résumé
Tesiaren helburua: Koldo Mitxelena Elissalt errenteriarrak euskara egungo gizartearentzat tresna baliagarri bilaka dadin laguntzen eginiko ahaleginen argi-ilunetan arakatu eta emaitzak agerira atera. Koldo Mitxelenak (euskaraz nagusiki) idatzian hari bat suma daiteke eta hari horixe hartu dugu, hain zuzen ere, tesiaren gidari izan dadin: euskarak bizirik iraungo badu, nahitaezkoak ditu gaitzea eta eguneratzea. Bestela esan, nekez biziko da euskara baldin eta euskaldunek benetako komunikabidetzat ez badaukate; garai, arlo, giro guztietan arruntean aritzeko balio ez badie, erabiltzen ez badute. Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat noranahikoa, Lizardi olerkariaren hitzok eginkizunaren ardatz eta ikurritz hartuz eta begi aurrean izanik Koldo Mitxelenaren giltz-ideietariko bat gure lehenaz ez atzentzea dela, errenteriarraren lanetan arakatu dugu egiaztatzeko ia bere aurreko euskalaririk, aitzindaririk, ikusi ote duen Mitxelenak asmo berak bultzatuta aritu denik. Bilatze horretan guk honakoak aurkitu ditugu batik bat bere gogaide: XVIII. mendeko Aita Manuel Larramendi eta XX.eko Orixe, eta Lizardi, noski. Kapitulu bana eskaini diegu tesian Mitxelenak aitzindari horiezaz dioena jaso eta aztertzeko. Halaber, egoki ikusi dugu beste bi kapitulutan biltzea Mitxelenak desio duen euskararen ibilbide horretan behaztopa ikusten dituenak. Bi joera nagusi dira honetan aipatzekoak: muturreko garbizaletasuna eta muturreko zabarkeria. Joera horien ordezkariak, iritziak, jokamoldea... bilatu eta aztertu ditugu. Horrela, beraz, aitzindarien eta oztopogileen gaineko Mitxelenaren iritziak bilduz, argituz eta antolatuz taxutu ditugu tesiaren lehen atal nagusiko bost kapituluak. Mitxelenak besteez adieraziak aztertu ditugula, hurrengo urratsean geure buruari galdetu diogu ea berari egokitu zaionean nola erantzun dion eginbeharrari. Erantzun horren ispilu izan daitekeelakoan antolatu dugu, hain justu, tesiaren bigarren atal nagusia; hiztegia. Hiztegi honetan bildu ditugu Mitxelenak hizkuntzalaritzaz, filologiaz euskaraz mintzatzen den artikuluetan erabiltzen duen lexikoa. Egungo hiztegigintzaren teorietan oinarrituz eta eskura izan ditugun baliabide informatikoei etekina atereaz antolatu dugu hiztegia. Tesiaren hirugarren atal nagusia osatzen du Mitxelenak darabiltzan termino edo hitz berezi(tu)en azterketa morfologiko-lexikologikoak. Hemen aztertu dugu Mitxelenak bere barrutiko gaiez (hizkuntzalaritza-filologiez) ari denean hiztegiaren alorrean nola jokatzen duen. Hitz gutxitan esanda, zeinahi hizkuntzak bere hitz-altxorra hornitzeko eskueran dituen bi iturri nagusiak ?mailegatzea eta bere baitatik lexikoa sortu edo eratzea? nola erabili dituen errenteriarrak. Eta lana burutzeko, guztiaren gaineko ondorioak eman ditugu. · Tesi honen ekarria, berriz, honela laburbiltzen dugu: Lehen atalak bide aukerakoa ematen du Mitxelenaren gogobideez jabetzeko, lanera zerk bulkatzen duen aditu ahal izateko. Honen ondoan, beste maila batean, euskal literaturaren historia orotarikoa osatzeko lehengai egokia ere bada. Bigarren atala (hiztegia) txit erabilgarria iruditzen zaigu. Hortxe bildurik dagoen errenteriarren hitz-altxor aberatsak, besteak beste, hiztegigile, itzultzaile, ikasle-irakasleei... lehengai interesgarria eskaintzen die. Hirugarren atalaren garrantzia bi aldetatik iruditzen zaigu azpimarratzekoa. Batetik, mundu zabaleko teoriek (Morfologia sortzaileak batez ere) euskal arlora uztartzean dakartzan ondorio mesedegarriez ohartzen laguntzen du. Bestetik, berriz, atal honetan eginiko azterlanak agerian uzten du egungo euskarak bizi eta kezkabide dituen auzi askotan Mitxelena gidari har daitekeela; badugula non begiratu, alegia, hiztegia hornitu behar dugunean. Tesi honek zeinahi euskararen ikertzailek Koldo Mitxelena Elisslati dion zorra arintzen lagundu nahi du. Zorra are handiagoa da gure kasuan errenteriarrak izanik hura eta tesigile hau.