Espezie oportunisten ekologia trofikoa mundu aldakor bateaneuskal kostaldean kaio hankahoriek larus michahellis egiten duten giza jatorriko baliabideen ustiapena

  1. ZORROZUA GAMBOA, NERE
Dirixida por:
  1. Juan Arizaga Martínez Director
  2. Aitor Larrañaga Arrizabalaga Director

Universidade de defensa: Universidad del País Vasco - Euskal Herriko Unibertsitatea

Fecha de defensa: 30 de xullo de 2020

Tribunal:
  1. Ana Isabel Puente Martínez Presidenta
  2. David Galicia Paredes Secretario/a
  3. Joan Navarro Bernabé Vogal

Tipo: Tese

Teseo: 152696 DIALNET lock_openADDI editor

Resumo

Ekologia trofikoari buruzko azterketek espezieek elikadura-iturri jakinekiko duten menpekotasuna zehazten laguntzen dute. Horrek aukera ematen du espezie jeneralistek baliabide berrietara egokitzeko duten gaitasuna kuantifikatzeko, ingurumen-aldaketek elikagaien eskuragarritasunari eragiten diotenean. Gaur egun, Europako politiken helburua da giza jatorriko elikagai iturrien eskuragarritasuna murriztea, hala nola arrantza-bazterkinak edo aire zabaleko zabortegiak. Horrek egoera berri bat irekitzen du baliabide horiek ustiatzeko gai diren animalia-espezieetan aldaketa horiek duten eragina aztertzeko. Kaio hankahoria (Larus michahellis) espezie oportunista bat da eta baliabide-sorta zabal batez elikatzen da, giza jatorriko elikagaiak barne. Bizkaiko Golkoaren hego-ekialdeko populazio ugaltzaileak etekina ateratzen die baliabide horiei. Gainera, populazio hau bertan bizi da urte osoan zehar eta, beraz, inguruko elikagai iturriak ustiatzen ditu, garaia edozein dela ere. Honek aukera paregabea ematen du eskualdeko zenbait zabortegiren itxierak (EBko politikek sustatua) ekologia trofikoan duen eragina ebaluatzeko. Isotopo egonkor eta mixing ereduetan oinarrituta, jatorria zabortegietan duten baliabideen kontsumoan jaitsiera esanguratsua aurkitu genuen hondakindegien itxieraren ondoren, eta jaitsiera hau lurreko harrapakin gehiago janez konpentsatu zen. Elkarrengandik hurbil dauden kolonia batzuen artean ere ezberdintasun trofiko handiak hauteman genituen. Ezberdintasun hauen zati bat giza jatorriko elikagai iturri jakinen (zabortegiak eta arrantza-portuak) hurbiltasunak azaltzen zuen. Zehazki, gertuen dagoen arrantza-portuaren distantziak eragin handiagoa izan zuen hurbilen zegoen zabortegirainoko distantziak baino, eta ereduek iradoki zuten portuetatik hurbil zeuden kaioek leku hauetan elikatzetik etekin handiagoa aterako zutela. Gainera, zabortegien eraginak distantzia handiagoetan hauteman ziren, seguruenik leku hauetako elikagai eskuragarritasuna gehiago aurreikusi daitekeelako. Dena den, bi toki horietara dagoen distantziaren menpeko efektuak ugalketa garaian ikusi ziren, eta eragin horiek ahuldu egingo lirateke garai hori amaitzean eta kaio helduak koloniarekin hain lotuta ez daudenean. Beraz, kudeaketaren ikuspuntutik, EBk aire zabaleko zabortegiak ixteko dituen politikek ondorio garrantzitsuak izango lituzkete kaio hankahoriaren ekologia trofikoan eta demografian. Populazioen epe luzeko bideragarritasunari begira, hurrengo urteetan populazioaren egokitze demografikoa gertatzea espero da, kaio hauek baliabide alternatibo nahikorik aurkitzeko gai ez badira. EBk sustatutako arrantza-bazterkinen debekuaren eragina aurreikustea zailagoa da; izan ere, badirudi kaioek kontsumitzen duten itsasoko harrapakin gehiena ez dutela itsaso zabaleko arrantza-jarduerari esker eskuratzen, baizik eta arrantza-portuetan zuzenean hartutako bazterkinetatik eta arrantza-hondakinetatik. Gainera, ekologia trofikoak hegaztien kalitate indibidualean ondorioak dituela ikusi genuen. Itsasoko harrapakin gehiagoz elikatzen ziren kaioek mokoan orban gorri txikiagoa erakutsi zuten, eta horrek ugalketa-arrakasta txikiagoa ekarriko luke. Horrez gain, hegazti horiek Hg (eta bere forma toxikoa, metilmerkurioa) kontzentrazio handiagoa zuten. Aurretik eginiko lan batzuetan, itsas-harrapakin gehiagoz elikatzea ugalketa emaitza eta txiten hazkuntza-tasa hobeekin erlazionatu izan da. Dena den, gure emaitzen arabera, baliteke itsasoko harrapakinak ez izatea uste zen bezain onuragarriak, behintzat aipatutako alderdi horiei dagokienez. Lan honetan, Hg esposizio handia hauteman zen Bizkaiko Golkoan eta kaio hankahoria Hg-arentzako biomonitore egokia dela proposatzen dugu, Merkurioari buruzko Minamatako hitzarmena beteko lukeena. Ikertu genuen beste alderdi bat, ekologia trofikoari eragiten diona, ugalketa garaian baldintza meteorologiko makurrak agertzea izan zen. Ikusi genuenez, egun oso euritsu eta/edo haizetsuetan, GPS gailu bat zeramaten kaio hankahori helduak ez ziren gai izan haien erabilera eremuan (home range area) eskuragarri egon daitezkeen elikadura-baliabide guztiak ustiatzeko, eta horrek ondorioak izango lituzke txiten hornikuntzan. Klima-aldaketak ondorio negatiboak izan ditzake kaio hankahoriaren ugalketan; izan ere, badirudi ugalketa garaian egun euritsu eta/edo haizetsu gehiago izatea eragingo duela. Azkenik, espezie honen malgutasuna eta elikagaien eskuragarritasunean eta kliman gertatzen diren aldaketei aurre egiteko gaitasuna funtsezkoak izango dira zehazteko zein izango diren azken ondorioak aztertutako kaio hankahoriaren populazioaren espazio-erabileran eta populazio-dinamikan.